XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4.2.- Gazteen ezaugarri fisiko-fisiologiko nagusiak

Ume edo gazteen entrenamenduaz arduratzerakoan, hauen oinarrizko ezaugarri fisiko-fisiologikoak ezagutzea ezinbestekoa zaigu.

Entrenamendu edo esfortzuen eraginez umeak jasaten dituen erreakzio eta egokitzapen fisiologikoen artean, batzuk helduek jasaten dituztenak bezalakoak badira ere, beste asko ezberdinak izaten dira.

Beraz, entrenamenduko karga planifikatzerako orduan haurra ezin dugu heldu txikitzat hartu.

Beraz, puntu honetan agertuko ditugun ezaugarriak umeen berezitasun orokorrei buruzkoak izango dira.

Baina, umeen bilakaera eta hazkundea oso pertsonala denez, bakoitzaren adin kronologiko eta biologikoaren arteko bereizketa kontutan izan beharko dugu.

Horrela, adibidez, hamabi urteko adin kronologikoa duen haur batek, bederatzi eta hamabost urte bitarteko adin biologikoa izan dezake.

Aktibitate fisikoak bihotz-odol sisteman duen eraginari dagokionez, sistema honen funtzio nagusiena gehiegizko oxigenoa giharretara garraiatzea, eta anhidrido karbonikoa bertatik kanporatzea da.

Hala ere, beste funtzio batzuk ere betetzen ditu: elikagai, metabolito eta hormonen garraioa, gorputzeko azido-base oreka mantentzea...

Sistema honen inguruan, haur eta helduen artean ikus dezakegun ezberdintasun nabarmenena ondorengo hau da: edozein esfortzutarako, haurrek, bihotz-taupada bakoitzeko bidaltzen duten odol kantitatea, helduek bidal dezaketena baino askoz txikiagoa da.

Baina aldiz, bihotz-taupaden maiztasuna altuagoa izaten du: ume eta nerabeen maiztasun gorena 195 eta 215 tartean dabil, eta gutxi gora-behera, 11 urtetik aurrera jaisten hasiko da.

Arnas sistemari dagokionez, entrenamenduaren eraginez, oxigeno eta anhidrido karbonikoaren arteko trukaketa hobetu egiten da.

Hau gertatu dadin, biriketako albeoloen aireztapena handitu egiten da, eta aldi berean, proportzionalki giharretara doan odol fluxua ere bai.

Umetan, arnas maiztasuna helduena baino handiagoa izaten da.

Hazkunde eta gorputz osaketari dagokionez, aktibitate fisikoak hazkundean izan dezakeen eraginari buruz iritzi kontrajarri asko ditugu.

Dena dela, oraingoz badirudi, aktibitate fisikoak gorputz tamaina handitzen duela dioen iritzia ezin dugula baieztatu.

Bestalde, badirudi ikertzaile gehienak bat datozela entrenamendu gogorren eraginez, nesken menarkian lehen hilerokoa atzerapena eman daitekeela esaterakoan.

Kapazitate eta potentzia aerobikoaren inguruan, ume eta helduen arteko berezitasunak ez dira nabariegiak.

Hala ere, ezberdintasun batzuk azpimarra ditzakegu.